XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Adinetako girixtinoeri galdatu eta zer izan den heien bizian konfirmazionea, askotan ez dakite zer ihardets: alde batetik, sakramendua baino gehiago atxiki dute gogoan apezpikuari ohore handitan egiten zitzaion ongi-etorria; bestetik, Izpiritu Sainduaz mintzatzea ez da errex.

Izpiritua alabainan nehork ez du behinere ikusi.

Haren lana haatik agertu zen lehen Mendekoste hartan: haize azkar baten burrunbarekin, inarrosi zituen beldurrak harturik zauden apostoluak, eta igorri zituen, mundu zabalean barna heda zezaten Berri ona; suzko mihien itxuran, berotu zioten bihotza, eta ordu arte mutu zaudeneri eman zioten nun-nahi eta nor-nahiri Jesu Kristoren ezagut-arazteko jakitatea eta indarra.

Indar eta su berarekin heldu zaiote orai ere Izpiritu Saindua, konfirmazionea hartzen duteneri.

Bainan hamabi urteko haur horiek ez ote direnetz gaztexko, galdeginen dute zonbaitek, eta nola konpara detzazkegun apostolueri.

Gaztexko? Duela bizpahiru aste, Euskal-Herriko xoko batean, haur horietarik multxo batek egun bat osoa iragan dute elgarrekin, konfirmazioneari buruz preparatzeko.

Beren otoitz eta gogoeten gaia arras seriosa zuten: zer den saindu izaitea.

Galde hau egina baitzitzaioten: Zuen adinean izan ote ditake saindu?, batek hein bat polliki ihardetsi du: Beste edozoin adinetan saindu izan baditake, zertako ez gurean?.

Egia handia.

Ez du adinak egiten saindutasuna.

Saindu handi izan ditake haur bat, bere heineko urratsetan jarraikiz Izpiritu Sainduak erakusten dion bideari.